2008-09-03

Neguri Gorriak: mitomania geurera heldu da

Irailaren 2an "Sareko Argia" aldizkari birtualean Gorka Bereziartuak argitaratutako artikulua:

Aizkorak alde batera utzi eta squasheko erraketak gurutzatu dituzte. Negua Negurira heldu da. Neguri Gorriak dira. Eurena da garaipena. Joan den abuztuaren 20an Bilboko 7 Katu gaztetxean izan zirenek badakite zertaz ari naizen. Negu Gorriak taldearen mitoa handia bazen, handiagoa izango da hemendik aurrera, beraien kantak berriro agertokira eramango dituen taldea sortu delako.

2001eko otsailaren 23, 24 eta 25ean du abiapuntua historia honek. Negu Gorriak taldearen zaletu orok gogoan izango ditu hiru egun horietan Baionan eta Donostian ikusi zituen kontzertuak. 30.000 pertsona baino gehiagok ikusi zituzten kontzertu haiek. “Nire baitan daude biak, tristura eta ilusioa, askok egun haietan izan zuten sentimendu kontrajarria. Kontzertu mundiala, baina azkena”. Askok lehenago jaio ez izana madarikatu zuten, taldea lehen eta azken aldiz ikusi zutenek batez ere.

Horregatik, Negu Gorriak berriro itzuliko ez badira ere, beraien kantak zuzenean entzuteko aukera eskaintzea beharrezko ikusi zuten musikari batzuek. Oliba Gorriak, Amaiur eta Feos Pero Majos taldeetako kideak elkartuta Neguri Gorriak sortu zuten. Jatorrizko taldekideen abizenak hartu dituzte: Unai Bap!, Eriz Muguruza, Gorka Arkarazo, Gamix Anestesia eta Gorka Muguruza. Gainera kontzertuetan Negu Gorriakeko kideak bezala jantzita ateratzen dira agertokira (baxu jolea zimekin, bateria jolea pastazko betaurreko handiekin…). Abuztuan Bilbon eskainitako emanaldian ez ziren faltatu Negu Gorriaken abesti klasikoak: Lehenbiziko bala, Bi doberman Beltz, Gora herria, Irakatsi ziguten historia, Itxoiten...

Asko dira mundu osoan tankerako zerbait egiten duten taldeak. Hor daude ACDC taldearen omenez sortutako The Bon Scott Band, Rage Against The Machine-en omenez sortutako The Enemies… Elvis eta Michael Jacksonen imitatzaileak alde batera utzi gabe noski. Baina oker ez banago, Euskal Herriko talde batekin horrelako zerbait egiten den lehenengo aldia da. Musika munduko mitomania geurera ere iritsi den seinale. Egongo da hori kritikatuko duenik; ez naiz ni izango. Nahiago nuke Hertzainak omentzeko talde bat ere sortuko balitz. Norbait animatuko al da?

http://www.argia.com/albistea.php?id=32392


1 comentario:

DESCARGA PUNK dijo...

HEY AMIGOS LOS HE AGREGADO EN http://punkdescarga.blogspot.com/
ESPERO QUE ESTEN MUY BIEN Y MUCHA SUERTE
DEJARE UNOS DISCOS EN MI BLOGG DE UDS, SI NO SE ENOJAN(?)
SALUDOSS!
LEO