2001eko. otsailean Negu Gorriak taldeak itzali egin zituen musika tresnak, aurtengo udan, abuztuan, Bilboko Aste Nagusian Neguri Gorriak talde berriak piztu egin ditu bereak.
Hamaika musika modu jotzeko gai diren bederatzi gaztek Negu Gorriaken omenezko taldea sortu dute: Neguri Gorriak. Talde horren oroitzapenean oraindik iltzatuta dago Anoetako belodromoan Negu Gorriak emaniko azken kontzertua, izan ere azken horien jarraitzaile amorratuak dira. Horrela sortu zen tributu taldea sortzearen ideia. Bi mahatsorri daude taldean Unai baterian eta Jon baxuan eurekin batera Eriz eta Gorka gitarra jotzen, Igon trikitixarekin eta ahotsa Gorka, koruetan Garazi bi daude.
Ustelkeria kantuarengatik Galindok Negu Gorriak taldearen aurka jarritako auziaren behin-betiko itxiera ospatzeko Baionan eta Donostian eskainitako kontzertuetan eman zuen agurra taldeak, 2001eko otsailean, Gurea da garaipena oihukatuz. Horrela aurkeztu dira Neguri Gorrikoak. Bilboko Aste Nagusia baino lehen Zazpi Kaleetan baziren kartelak ‘Gurea da garaipena’ aldarrikatzen zutenak, Neguri Gorrikoen aurkezpena zen. Ikusmira piztu zuen kontzertuak eta 7 katu gaztetxea leporaino bete zen. Gaztetxearen okupazio berria ospatzekoa bazen ere ikusmira handia zegoen Neguri Gorriak taldeak egingo zuena entzuteko. ‘Espektatiba handia sortu zuen kontzertuak eta azkenean jendez bete zen aretoa, izerdia barra-barra bota arren esperientzia polita izan zen guretzat,’ esan digute taldekoek.
Lehenengo kontzertu hura oso berezia izan zen taldekideentzat, ondo prestatua eta gazteek Solokoetxeko eskaileratan dagoen lokala berriz okupatu izana aldarrikatzeko bidea.
Negu Gorriak taldearen uzta handia izan da, talde erreferentziala Euskal Herrian musika ulertzeko eta bizitzeko moduan; modernoa, irekia, partehartzailea, ausarta... ez bakarrik bertan baita nazioartean ere, gure mugetatik kanpo. Eta ez taldeentzat bakarrik baita zaleentzat ere, bestea bezain garrantzitsua dena. Honek ez ditu Neguri Gorrikoak beldurtu animatu baizik, nazioa artean ohikoa da tributu taldeak egitea eta talde berri horiek arrakasta lortzea. ‘Hemengo talde askok talde ezagunen bertsioak egiten dituzte, baina agian ez gaude ohituta talde bakar baten kantu guztiak jotzen dituen taldea ikustera,’ kontatu digu Neguri Gorriak-eko Gorkak. Taldea osatzen duten kideak aspaldi dabiltza musika munduan murgilduta eta egun beste talde batzutan ere jotzen dute; Krasis, Amaiur, Feos Pero Majos, Bizkaiko Gaiteroak, Versen, Orkestra, Oliba Gorriak… Taldekide bakoitza musika estilo eta leku batetik dator… hala ere inor ez da Negurikoa!
Humorea
Ezagutzera emateko orduan irudiaz baliatu dira. Izena argi zuten hasieratik, Negu Gorriak gogora ekartzen baitu. Getxoko Neguri auzoak (tradizioz Bizkaiko oligarkiaren bizileku) ordezkatu du Negu hitza eta aizkorak padel erraketa bihurtu dituzte irudia lantzeko orduan. Humorea abiapuntua izan da, baina musikari dagokionez zintzo eta serio ibili dira. Neguri auzoarekin ez dute konexiorik baina datorren hilabetean bertan kontzertua ematekoak dira Koska irrati berrituaren alde.
Orain arte kontzertu bakarra eman dute baina internet bidez segituan zabaldu da albistea. ‘Negu Gorriak web ez ofizialean albistea eman zuten, gainera kontzertura etorri eta artikulu guapoa idatzi zuten kontzertuaren inguruan,’ azaldu digute. Bloga eta Myspacen beraien orria dute eta horren bitartez ezagutzera eman dira. Guztien jarrera baikorra izan da, baita jatorrizko Negu Gorriak taldeko partaide batzuena ere.
Zuzeneko bakarra eman duten arren errepertorio zabala prestatu dute. Taldekide guztien artean errepertorioa adosteko komeriak izan dituzte, azkenik hogeita bost kantu prestatu dituzte, nahiz eta aurrerantzean haize atala ere gehituko duten, ska eta reggea estiloko kantuak ondo jotzeko.
Eskenatokian egoteko grina asetzeko aitzakia izan da, Euskal Herrian zer esan handia eman zuen taldea izan baita Negu Gorriak eta zulo handia utzi duena. Gazte hauen ustetan gaur egun ahaztuta dagoela ematen du, horregatik jarraitzaile sutsu hauek omenezko taldea egin dute. Neguri Gorriak ikustera hurbilduko diren gazte mordoak ez du inoiz Negu Gorriak zuzenean ikusteko aukera izan, Negu Gorriaken esentziara hurbiltzen den zerbait ikusteko aukera paregabea izango dute orain.
Etorkizuna
Taldekideen artean erabaki behar dute, musikari bakoitzaren jatorrizko taldeek asteburu oro kontzertuak ematen dituzte, beraz, oso lanpetuta ibiltzen dira. Ondo pasatzeko eta gozatzeko jaiotako proiektua izan da eta etorkizunean ere horrela izaten jarraitzea nahi dute. Ez dute astebururoko kontzertu dinamikan sartu nahi.
Oraindik Neguri Gorrikoak zuzenean ikusteko hiru aukera ditugu urriak 3 Arrasaten Maritxu Kajoi festan, urriak 11 Atarrabian eta Hernanin independentzia egunean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario