2008-09-29

Eskenatokian egoteko grina asetzeko aitzakia: Neguri Gorriak


Ezkenatokian egoteko grina asetzeko aitzakia Neguri GorriakBerton, Santutxuko aldizkarian egindako artikulua

2001eko. otsailean Negu Gorriak taldeak itzali egin zituen musika tresnak, aurtengo udan, abuztuan, Bilboko Aste Nagusian Neguri Gorriak talde berriak piztu egin ditu bereak.


Ezkenatokian egoteko grina asetzeko aitzakia Neguri Gorriak

Hamaika musika modu jotzeko gai diren bederatzi gaztek Negu Gorriaken omenezko taldea sortu dute: Neguri Gorriak. Talde horren oroitzapenean oraindik iltzatuta dago Anoetako belodromoan Negu Gorriak emaniko azken kontzertua, izan ere azken horien jarraitzaile amorratuak dira. Horrela sortu zen tributu taldea sortzearen ideia. Bi mahatsorri daude taldean Unai baterian eta Jon baxuan eurekin batera Eriz eta Gorka gitarra jotzen, Igon trikitixarekin eta ahotsa Gorka, koruetan Garazi bi daude.


Ustelkeria kantuarengatik Galindok Negu Gorriak taldearen aurka jarritako auziaren behin-betiko itxiera ospatzeko Baionan eta Donostian eskainitako kontzertuetan eman zuen agurra taldeak, 2001eko otsailean, Gurea da garaipena oihukatuz. Horrela aurkeztu dira Neguri Gorrikoak. Bilboko Aste Nagusia baino lehen Zazpi Kaleetan baziren kartelak ‘Gurea da garaipena’ aldarrikatzen zutenak, Neguri Gorrikoen aurkezpena zen. Ikusmira piztu zuen kontzertuak eta 7 katu gaztetxea leporaino bete zen. Gaztetxearen okupazio berria ospatzekoa bazen ere ikusmira handia zegoen Neguri Gorriak taldeak egingo zuena entzuteko. ‘Espektatiba handia sortu zuen kontzertuak eta azkenean jendez bete zen aretoa, izerdia barra-barra bota arren esperientzia polita izan zen guretzat,’ esan digute taldekoek.


Lehenengo kontzertu hura oso berezia izan zen taldekideentzat, ondo prestatua eta gazteek Solokoetxeko eskaileratan dagoen lokala berriz okupatu izana aldarrikatzeko bidea.


Negu Gorriak taldearen uzta handia izan da, talde erreferentziala Euskal Herrian musika ulertzeko eta bizitzeko moduan; modernoa, irekia, partehartzailea, ausarta... ez bakarrik bertan baita nazioartean ere, gure mugetatik kanpo. Eta ez taldeentzat bakarrik baita zaleentzat ere, bestea bezain garrantzitsua dena. Honek ez ditu Neguri Gorrikoak beldurtu animatu baizik, nazioa artean ohikoa da tributu taldeak egitea eta talde berri horiek arrakasta lortzea. ‘Hemengo talde askok talde ezagunen bertsioak egiten dituzte, baina agian ez gaude ohituta talde bakar baten kantu guztiak jotzen dituen taldea ikustera,’ kontatu digu Neguri Gorriak-eko Gorkak. Taldea osatzen duten kideak aspaldi dabiltza musika munduan murgilduta eta egun beste talde batzutan ere jotzen dute; Krasis, Amaiur, Feos Pero Majos, Bizkaiko Gaiteroak, Versen, Orkestra, Oliba Gorriak… Taldekide bakoitza musika estilo eta leku batetik dator… hala ere inor ez da Negurikoa!


Humorea


Ezagutzera emateko orduan irudiaz baliatu dira. Izena argi zuten hasieratik, Negu Gorriak gogora ekartzen baitu. Getxoko Neguri auzoak (tradizioz Bizkaiko oligarkiaren bizileku) ordezkatu du Negu hitza eta aizkorak padel erraketa bihurtu dituzte irudia lantzeko orduan. Humorea abiapuntua izan da, baina musikari dagokionez zintzo eta serio ibili dira. Neguri auzoarekin ez dute konexiorik baina datorren hilabetean bertan kontzertua ematekoak dira Koska irrati berrituaren alde.

Orain arte kontzertu bakarra eman dute baina internet bidez segituan zabaldu da albistea. ‘Negu Gorriak web ez ofizialean albistea eman zuten, gainera kontzertura etorri eta artikulu guapoa idatzi zuten kontzertuaren inguruan,’ azaldu digute. Bloga eta Myspacen beraien orria dute eta horren bitartez ezagutzera eman dira. Guztien jarrera baikorra izan da, baita jatorrizko Negu Gorriak taldeko partaide batzuena ere.

Zuzeneko bakarra eman duten arren errepertorio zabala prestatu dute. Taldekide guztien artean errepertorioa adosteko komeriak izan dituzte, azkenik hogeita bost kantu prestatu dituzte, nahiz eta aurrerantzean haize atala ere gehituko duten, ska eta reggea estiloko kantuak ondo jotzeko.


Eskenatokian egoteko grina asetzeko aitzakia izan da, Euskal Herrian zer esan handia eman zuen taldea izan baita Negu Gorriak eta zulo handia utzi duena. Gazte hauen ustetan gaur egun ahaztuta dagoela ematen du, horregatik jarraitzaile sutsu hauek omenezko taldea egin dute. Neguri Gorriak ikustera hurbilduko diren gazte mordoak ez du inoiz Negu Gorriak zuzenean ikusteko aukera izan, Negu Gorriaken esentziara hurbiltzen den zerbait ikusteko aukera paregabea izango dute orain.


Etorkizuna


Taldekideen artean erabaki behar dute, musikari bakoitzaren jatorrizko taldeek asteburu oro kontzertuak ematen dituzte, beraz, oso lanpetuta ibiltzen dira. Ondo pasatzeko eta gozatzeko jaiotako proiektua izan da eta etorkizunean ere horrela izaten jarraitzea nahi dute. Ez dute astebururoko kontzertu dinamikan sartu nahi.


Oraindik Neguri Gorrikoak zuzenean ikusteko hiru aukera ditugu urriak 3 Arrasaten Maritxu Kajoi festan, urriak 11 Atarrabian eta Hernanin independentzia egunean.


2008-09-27

Egun bete ekimen iruzurrari aurre egiteko!


Datorren Urriaren 25ean, goizetik hasi eta hurrengo goiz arte ekimen eta giro ederra egongo da Hernanin. 12tan txupinazoa eta harrera ekitaldiarekin emango diogu hasiera Independentzia egunari, ondoren egun osoan zehar trikitia, bertsoak, zapanzarrak.... ibiliko dira Hernaniko kaleak girotzen. Sagardotegi erraldoia 14:00tan hasiko da eta honen ostean SOKATIRA FINALA egingo dugu. Ondoren "Etorkizuna Independentzia" aldarrikatuz kalejira egingo dugu ekitaldi politikoa egingo den karparaino. KONTZERTUEKIN emango diogu amaiera egunari.



Hau izango da egun osoko egitaraua:
  • 11:00etatik aurrera Herriko txistulari, trikitilari eta albokariak ibiliko dira kalean. Laudioko zanpantzarrak ere bertan izango dira.

  • 12:00tan TXUPINAZOA eta Independentzia egunaren hasiera

  • Ondoren Kale animazioa eta bertso poteoa

  • 14:00etan SAGARDOTEGIA. Menua: Sagardoa, tortillak eta haragia. Barazkijaleentzat menu berezia ere izango da

  • Bazkalostean Independentziaren aldeko SOKATIRA txapelketako FINALA

  • 19:00etan Etorkizuna Independentzia! KALEJIRA

  • 20:00etan EKITALDI POLITIKOA Txantxillako karpa handian

  • 22:00etatik aurrera MUSIKA PROTAGONISTA:

Info gehiago:
http://www.independentziaeguna.net/

2008-09-19

NEGURI GORRIAK, NEGU GORRIAK TALDEARI TRIBUTOA

Entzun aldizkari birtualetik ateratako artikulua:

Ez ditugu zuzenean ikusi baina oso dibertigarriak iruditu zaizkigu. Haien myspacera iritsi eta hara!, gutxienez irribarrea eragin digute. Neguri Gorriak taldeaz mintzo gara, Muguruzatarren, Arkarazotarren, Abregotarren eta Anestesiatarren taldeari tributo banda. Aizkoren ordez tenis raketa bi paratu dituzte logoan. Orain, ATP zirkuituan dabiltza haien set-ak eskainiz.

Sorpresa atsegina hartu dugu Neguri Gorriak taldea ezagutu dugunean. Zuzenean nola moldatuko diren ideiarik ez dugu, baina erakusten duten umorea bikaina iruditu zaigu. Diseinu grafiko landu eta erakargarri batekin laguntzen dute taldearen iruditeria. Aizkoren ordez raketak jarri dituzte haien logotipoan eta kartel dibertigarriak egin dituzte.
Egitasmo honen atzean Krasis, Amaiur, Feos pero Majos, Versen, Bizkaiko Gaiteroak edota Oliba Gorriak taldeetan bilitako jendea dago.


Neguri Gorriak-en hurrengo kontzertuak

* Urriak 3, 23:00. Maritxu kajoi, Arrasate (Gipuzkoa)
* Urriak 11, 23:00. Atarrabiako txosnak, Atarrabia (Nafarroa)


http://www.entzun.com/noticias_view.php?uuid=1893

2008-09-03

Jada ez nau ezerk harritzen

Patxi Gaztelumendik bere blogean argitaratutako artikulua:


Negu Gorriak taldea gustuko zenuen? Urteak dira eskenatoki gaineko kontuak albo batera utzi zituztela. Negugorriak.net gunean guztia batuta badago ere, oraindik harritzeko gaitasuna ez zaigu amaitu. Neguri gorritu dute Bizkaiko musikari ero batzuk. Ez dute ba Neguri Gorriak sortu?

Bloga sortu dute eta lehen emanaldiaren ostean ez ninduke harrituko, bolo gehiago eskaintzen ibiltzea. Gazte egunean aipatu zigun zerbait Gorkak… eta begira, Bilboko jaietako albiste onenetakoa izan dela dirudi…


Bilboko jaietan, Zazpikatu gaztetxea lepo bete zuten. Garai bateko irudia datozkit orain. Nostalgia esaten zaio, ezta? Oraindik gogoan dut, zelan orain dela urte pila bat… 15 baino gehiago, Pipe jazz-en omenez Bilboko gaztetxean izandako kontzertua.
Iragarri gabeko hoietako bat izan zen, Herrerako aurkezpenaren ostean izango zen ziurrenik, Piperen urtebetetzearen karietara. Josemi lagunak eroan ninduen alde zaharreko gaztetxera, eta flipatu egin nuen gertutasun hartan. Negu Gorriak makina bat bider ikusi genuen gerora, baita Larrabetzuko gaztetxean ere 95eko sanjuan bezperan. Sua nagusitu zen orduan herrian, Lasa eta Zabalaren gorpuak agertu berritan.

Tira, Euskal Herriko musika historian hutsune handia utzi du Fermin Muguruzak gidatzen zuen taldeak, baina oroitzeko sortu dira berriak. Esandakoa, jada ez nau ezerk harritzen. GALindo ere erne ibili dadila….


http://www.larrabetzu.org/gaztelumendi/

Neguri Gorriak: mitomania geurera heldu da

Irailaren 2an "Sareko Argia" aldizkari birtualean Gorka Bereziartuak argitaratutako artikulua:

Aizkorak alde batera utzi eta squasheko erraketak gurutzatu dituzte. Negua Negurira heldu da. Neguri Gorriak dira. Eurena da garaipena. Joan den abuztuaren 20an Bilboko 7 Katu gaztetxean izan zirenek badakite zertaz ari naizen. Negu Gorriak taldearen mitoa handia bazen, handiagoa izango da hemendik aurrera, beraien kantak berriro agertokira eramango dituen taldea sortu delako.

2001eko otsailaren 23, 24 eta 25ean du abiapuntua historia honek. Negu Gorriak taldearen zaletu orok gogoan izango ditu hiru egun horietan Baionan eta Donostian ikusi zituen kontzertuak. 30.000 pertsona baino gehiagok ikusi zituzten kontzertu haiek. “Nire baitan daude biak, tristura eta ilusioa, askok egun haietan izan zuten sentimendu kontrajarria. Kontzertu mundiala, baina azkena”. Askok lehenago jaio ez izana madarikatu zuten, taldea lehen eta azken aldiz ikusi zutenek batez ere.

Horregatik, Negu Gorriak berriro itzuliko ez badira ere, beraien kantak zuzenean entzuteko aukera eskaintzea beharrezko ikusi zuten musikari batzuek. Oliba Gorriak, Amaiur eta Feos Pero Majos taldeetako kideak elkartuta Neguri Gorriak sortu zuten. Jatorrizko taldekideen abizenak hartu dituzte: Unai Bap!, Eriz Muguruza, Gorka Arkarazo, Gamix Anestesia eta Gorka Muguruza. Gainera kontzertuetan Negu Gorriakeko kideak bezala jantzita ateratzen dira agertokira (baxu jolea zimekin, bateria jolea pastazko betaurreko handiekin…). Abuztuan Bilbon eskainitako emanaldian ez ziren faltatu Negu Gorriaken abesti klasikoak: Lehenbiziko bala, Bi doberman Beltz, Gora herria, Irakatsi ziguten historia, Itxoiten...

Asko dira mundu osoan tankerako zerbait egiten duten taldeak. Hor daude ACDC taldearen omenez sortutako The Bon Scott Band, Rage Against The Machine-en omenez sortutako The Enemies… Elvis eta Michael Jacksonen imitatzaileak alde batera utzi gabe noski. Baina oker ez banago, Euskal Herriko talde batekin horrelako zerbait egiten den lehenengo aldia da. Musika munduko mitomania geurera ere iritsi den seinale. Egongo da hori kritikatuko duenik; ez naiz ni izango. Nahiago nuke Hertzainak omentzeko talde bat ere sortuko balitz. Norbait animatuko al da?

http://www.argia.com/albistea.php?id=32392